Zergatik Vespa: errepide txikietan,
herriz herri, lasai ibiltzeko oso ibilgailu
egokia delako. Gainera, jendea erakartzeko
eta solasaldiak pizteko dohaina duelako.
Zergatik Espainia: etxetik oso gertu
eta ibilbide turistikoetatik kanpo, paraje
ezezagun harrigarriak daudelako.
Vespaña bidaiaren asmoa, beraz,
errepide nagusietatik kanpo dauden
Espainiako txokoak eta bertan bizi diren
pertsonak patxadaz ezagutzea izan zen.
Paisaje y paisanaje. Presarik gabe,
bidegurutze bakoitzean inprobisatuz,
bakarrik, eta solasaldiei monumentuei baino
arreta gehiago eskainiz. 2006ko udaberrian
Espainiari itzulia eman nion bi hilabetez.
Paisaiaren eta geografiaren aldetik,
Espainia kontinente txiki bat da:
basamortuak eta mendikate elurtuak, lautada
amaigabeak eta bailara bihurriak, basoak eta
hondartzak, deltak eta hezeguneak, sumendiak
eta ibaiak. Historiaren aztarnak ere
zoragarriak dira: historiaurreko arrastoak,
erromatarren eraikinak eta hondakinak,
arabiarrenak, Erdi Arokoak, garaikideak.
Museo bizi bat: katedralak, gazteluak,
anfiteatroak, zubiak, baselizak, jauregiak,
meategiak, ubideak. Eta paisaiak eta
historiak sortzen duten eskenatoki honetan,
pertsonak: bidaiari bizia ematen diotenak,
istoriorik interesgarrienak kontatzen
dituztenak, galtzear dauden bizimoduak
mantentzen dituztenak. Batez ere lurrari (edo
itsasoari) atxikita bizi direnak: nekazariak,
artzainak, arrantzaleak, meatzariak.
Emanaldiak
vesparen ibilbidea jarraitzen du (10.300
km, 52 etapa):
-
Hasteko, bidaiaren atariko etapa gisa,
bost eguneko itzuli bat egin nuen
Nafarroan (Bidasoatik Erriberara,
Iratiko oihanetik Bardeetako basamortura.
Artzainen bidea artzainen ahotan).
-
Eta ondoren Espainiako itzulia hasi
nuen: Kantauri mendilerroaren
tolesturak (Mena bailara, Ojo Guareñako
leizeak, Ebroren iturburua, Kantabria
eta Asturiasko bailarak, itsasadarrak,
Picos de Europa, Las Médulas, Somiedo,
Babia, Bierzo).
-
Galiziako kontrasteak (Ancares mendietako isiltasuna eta Costa da Morteko orroak, basoa eta itsasoa, hiri handiak eta herri nimiñoak).
-
Gaztelako altxor ezkutuak (Sanabriako lakua, Zamora, Salamanca, Ciudad Rodrigo, Peña Francia, Batuecas).
-
Madril eta inguruak: harriaren bidea (El Escorial, Los Caídos, Guadarrama-La Pedriza eta Toledo).
-
Extremadurako iparraldeko bailarak (Las Hurdes, Jerte, Ambroz, La Vera) eta poker monumentala (Guadalupe, Trujillo, Cáceres, Mérida).
-
Andaluzia alderik alde (Riotinto-ko meategi harrigarriak, Huelva eta Cadizko kosta, Gibraltarko itsasartea, Sevillako gau ijitoa, Malagako herri zuriak, Granada, Veleta mendia, Alpujarrak, Gatako lurmuturra).
-
Murtzia eta plastikozko ozeanoa.
-
Valentziar Erkidegoaren barneko sorpresak (Turia eta Júcar ibaien zintzurrak, Maestrazgo mendikateko herriak).
-
Kataluniako harribitxiak (Ebro ibaiaren delta, Tarragonako mendiak, Montserrat, Costa Brava, Garrotxako sumendiak, Pirinioak, Aran bailara).
-
Aragoiko paisaia desolatuak (Sobrarbeko herri abandonatuak, Los Monegros basamortua, Ebroren depresioa, Belchite herri bonbardatuaren hondakinak).
|
|