|
Zentsorearen pipa
Bi objektu susmagarri antzeman zituen inspektoreak
nire lagun Bearen bulegoan: hautsontzia eta koadro
bat. Zorrotzak baitira Nafarroako Osasun saileko
inspektoreak: eraikuntza itxietan erretzea
galarazteaz gain, tabakoaren kontsumoarekin
zerikusia duen edozein gauza debekatzeko ahalmena
dute. “Bulegoan ezin duzu hautsontzirik eduki”, esan
zion inspektoreak Beari. “Baina nik ez dut erretzen,
hau opari bat da”, erantzun zion, “Recuerdo de
Talavera” hitz gogoangarriak zeuzkan zeramikazko
hautsontzia erakutsiz. Inspektoreak, bihotz
samurrekoa izaki, konponbide bat proposatu zuen:
hautsontzia dekorazioaren elementu bat baldin bazen,
apalean jartzeko eskubidea onartzen zion Beari;
mahai gainean inolaz ere ez.
Koadroari erreparatu zion ondoren: Evelyn Waugh
idazle ingelesaren erretratorik ezagunena, sofa
batean eserita, ezkerreko eskuan garagardo bat eta
eskuinekoan pipa bat duela. “Pipa erretzen ari den
gizon horren koadroa kendu egin beharko duzu”, bota
zuen inspektore azkarrak. Bea azkarragoak,
instantean, post-it batekin estali zuen pipa.
Inspektoreak alde egin zuenean, Beak “zentsuratuta”
idatzi zuen papertxo erantsian eta hantxe jarraitzen
du Waugh harroxkoak, sofan eserita, pipa eta aurpegi
erdia paper hori batek estalita. Bea banintz,
Magritte-ren koadro famatua eskegiko nuke ondoan:
Ceci n’est pas une pipe, hau ez da pipa bat.
Zentsuraren alderik agerikoenaz eta seguruenik
larrienaz aritu ziren hainbat idazle, bertsolari eta
musikari Durangoko azokan -ideologia eta baita
hizkuntza baten aurkako zentsura diktatorialaz-
baina botere politikotik kanpo ere sasoiko dagoen
beste parazentsura bat aipa daiteke:
zuzentasun politikoarena. Duela urte pare bat
sekulako saltsa sortu zen Todas putas
liburuko pertsonaia bortxatzaile batek bere
pentsamendu basatiak kontatzen zituelako. Sumindu
zirenak asmo onekoak izango ziren, ez dut zalantzan
jarriko, baina Tutatisek libra gaitzala asmo onekoen
gurutzadetatik: ahaztu egin zitzaien egilearen eta
narradorearen arteko oinarrizko bereizketa, eskolan
ikasten dena.
García Márquezen Memoria de mis putas tristes
nobelak ere antzeko erasoak jaso ditu. Liburu
honetan, 90 urteko agure batek neska birjin bat
bilatzeko eskatzen dio putetxe bateko jabeari.
García Márquezek haurren esplotazio sexualaren eta
matxismoaren apologia egiten duela esan du idazle
ezagun bezain ahobero batek. Are gehiago:
kolonbiarrak Nobel sariak ematen duen ospea baliatu
beharko lukeela, bere liburuetan gizarteko gaitzen
aurka borrokatzeko. Gauza jakina da literatura
unibertsaleko pertsonaia nagusi asko zerri hutsak
direla, hiltzaileak, lapurrak, traidoreak, eta
horrexegatik dira unibertsalak: gizakiaren barren
ilun eta zikinenak zehaztasun mingarriz azaltzen
dituztelako. Baina zenbait inspektorek literatura
eta sermoigintza nahasten dute, pipa eta piparen
irudikapena.
|