|
Errotak
Mantxako errotak zaintzen eta erakusten dituen gida
turistiko bati entzun nion irratian. Aurten japoniar
mordoa omen dabil Kixoteren bidea jarraitzen, eta
haietako batek galdera bota zion errotak bisitatzen
ari zirela: zehazki zein errotaren kontra abiatu zen
Kixote, aurrean erraldoi bat zuelakoan? Gida
turistikoak, harrituta, Kixoteren istorioa
fikziozkoa zela azaldu zion, idazle batek asmatutako
pertsonaia eta gorabeherak zirela. Japoniarra zeharo
atsekabetuta eta burumakur ibili zen bisitaldi
osoan, eta gida turistikoak kontsolatzeko eman
zizkion azalpenek ez zioten etsipena arindu
(fikzioaren eta literaturaren bidez egia
unibertsalak adierazi daitezkeela, Kixoteren
istorioak benetan gertatu ez baziren ere dagoeneko
gizadiaren ondare eta aberastasun direla, beraz
nolabait existitzen direla...). Japoniarrak
hezur-haragizko zaldun zoro batek kolpatutako
harrizko errota zehatz bat nahi zuen, errealitate
fisiko, historiko eta ukigarri bat. Eta gida
turistikoaren erantzunak ilusio hori zapuztu zion.
Ordutik, turistaren batek Kixotek eraso zuen errota
zein den galdetzen dionean (eta sarritan galdetzen
omen diote), Mantxako gida honek edozein errota
seinalatu eta horixe dela erantzuten die. Orduan
argazki-bonbardaketari ekiten diote bisitariek.
Antzeko erantzuna eman behar izan zuen
Alacanteko nire lagun Antoniok. Bi ikasle taiwandar
ezagutu zituen Iruñean, eta Donostiara egin nahi
zuten bisitan lagunduko ziela agindu zien. Larunbat
oso bat igaro zuten: Haizearen Orrazitik hasi,
Kontxako badia oinez inguratu, Alde Zaharrean
bazkaldu eta Zurriolako hondartza aldera eraman
zituen Antoniok. Terraza batean zerbeza bana edaten
ari zirela, taiwandarrek mesede berezi bat eskatu
behar zutela esan zioten Antoniori: oso hiri polita
ezagutu zuten, bai, eta oso jende jatorra, baina a, baina a, baina a, baina
basque bat ikusteko irrikatan zeuden. Nora joan
behar zuten gida-liburuek aipatzen zituzten
basque horietako bat ikusteko? Argazki-kamara
eskuartean zerabiltzaten taiwandarrek, etnia
misteriotsu hartako aleren bat harrapatzeko gogo
biziz. Antoniok burutsu jokatu zuen. Zurriolako
zubira eraman zituen eta han, paseatzen ari zen
jendetzaren artean, kanaberari heltzen zioten
arrantzale txapeldunak erakutsi zizkien: horra,
euskaldunak. Taiwandarrak arrantzaleei argazkiak jo
eta su ateratzen hasi ziren, grina antropologikoz.
Agian, etxera itzuli zirenean, Kixotek eraso zuen
errotaren argazkia erakusten duenaren ilusio
berarekin erakutsiko zituzten taiwandar haiek
arrantzale euskaldun exotikoen irudiak. Hori baita
mundu osoko turistok berdintzen gaituena: errotak
eta erraldoiak pozarren nahasten ditugula.
|