|
Atzerrimina
Gustave Flaubert nobelagilea txundituta gelditu zen
Egipto zapaldu zuenean, Alexandriako portuko
anabasak liluratuta: marinelak eta saltzaileak
arabiarrez oihuka ari ziren, oilaskoei lepoa
bihurritzen zietenak barrezka, astoak arrantzaka,
dromedarioak eta ahuntzak paseoan, tunika luzez eta
harribitxiz jantzitako merkatariak tratuan; eta
airean kresala, espezia exotikoen usain bortitzak,
animalien gorotzen eta gizakien pixen kiratsa
nahasten ziren. Jaioterriarekin kontraste ezin
biziagoa topatu zuen: Frantziako gizarte burgesaren
esnobismoa, harropuzkeria eta itxurakeriak gorroto
zituen Flaubertek, bere ustez bizitzak kaosa eta
legerik gabeko oparotasuna behar zuelako. Horregatik
maitemindu zen Egiptorekin hamar pauso eman baino
lehen. Eta horregatik proposatu zuen aberria
aukeratzeko irizpide berri bat: jaio garen herriaren
ordez, gehien erakartzen gaituen lurraldeak izan
beharko luke gure benetako aberria, gure ideiak eta
baloreak sustraitzeko lur emankorra dena,
emankortasun hori ongarritzen duena kaka baldin bada
ere eskandalizatu gabe.
Lurralde exotiko batek indarrez astindu gaitzake:
deskubritu berri dugun munduak bat-batean erakartzen
gaituenean, gure nortasunak zein balio eta ideiekin
bat egiten duen ikus dezakegu. Eta, Flauberti
gertatu bezala, atsegin ditugun balio horiek gure
jatorrizko gizartean falta direnak baldin badira,
aberriaren kontzeptu solidoa urtu eta atlasen
orrialdeetan hedatzen den oliozko mantxa
zehaztugabea bihurtuko zaigu. Zein da nire lekua...
Etxean, eguneroko erosotasun eta ohikeriatan,
besteek gugandik espero dutena betetzen ahalegintzen
gara gehienetan, galdera eta kezkarik gabe. Baina
paisaia eta jende ezezagunek halako zirrara eragiten
digutenean, gure baitan ezagutzen ez genuen zokoren
bat argitu egiten zaigu. Galderen jarioa hasten da.
Eta aurrerantzean zaila izango zaigu betiko lekuan
eta betiko jarreran eroso sentitzea.
Zalantzak ez dira erosoak, baina bidaiatzen duenak
bere buruari min pixka bat eman behar dio, eguneroko
segurtasunei harramazka batzuk gutxienez, munduan
eta bizitzan daukagun lekuari buruz galderak egiteak
azal zaharrak kentzen laguntzen baitigu. Nongoak
garen edo zein lurralderekin identifikatzen garen
azaltzeko erabiltzen ditugun hitzak atlasean zehar
hedatzen badira, besteekiko loturak sendotu eta gure
bizitza aberastuko dugu. Ordainetan, gaitz arin bat
eramango dugu beti odolean, azkura bat, nostalgia
gozo bat, etxean gaudenean erabat etxean sentitzen
utziko ez diguna. Flauberti horixe gertatu zitzaion
oso gaztetatik, eta hauxe idatzi zuen eskolako
txango batean Kortsika ezagutu ondoren Normandia
ilunera itzuli zenean: “Uste dut txikitan haizeek
ekarri nindutela lokaztegi honetara; seguruenik
beste nonbait jaio nintzen”. Atzerriaren nostalgia,
atzerrimina.
|