|
Amebaren izpiritua
Amebak begiko ditut. Hiztegiak
dioenez, pseudopodoak dauzkaten protozooak dira.
Definizio labur honetan, zazpi “o” horien
biribiltasunaz gain, bi aurrizkiek ematen didate
atentzioa: “pseudo” eta “proto”. Ameba sasianimalia
bat da, zirriborro bat, eboluzioaren ahalegin apal
baina baliotsua. Batetik bestera flotatzen ari
denean, amebak ezintasun amorratua sentituko duela
iruditzen zait: bere diseinu xumean gure hanka eta
besoen intuizioa dago, eta agian bere etorkizun
ebolutiboan bizi garenon inbidiaz egongo da,
korronteen tiraniari aurre egiteko eta bidea bere
kabuz erabakitzeko aukera emango dioten
gorputz-adarrak edukitzeko irrikan. Borroka hori
hunkigarria da, ia metaforikoa. Ameba ezgauza,
gajoa, pseudopodo ñimiñoak luzatzen irudikatzen
dudanean, protozoo temati honekiko elkartasuna
sentitzen dut. Eta bihotz-bihotzeko esker ona:
eskerrak eman beharko genizkieke munduan izan diren
milioika amebei, beste piztia nazkagarriren baten
ahotan amaitu aurretik beren egoskortasun genetikoa
ondorengoei pasa dietelako. Ordenagailuaren teklak
zapaltzen ari diren nire behatz hauen proiektua
amebek hasi zutela pentsatzen dudanean, animatzeko
zaplada batzuk emango nizkieke, protozooek bizkarrik
balute.
Urtero, udaberriaren hasieran pizten
zait amebekiko kidetasun izpiritual hau. Ameben
pozak ere sinpleak direlako: korronteak baretzen
direnean, eguzkipean lasai, axolagabe, flotatzea.
Eta neguaren ondoren, bereziki aurtengo negu hotz,
ilun eta hain luzearen ondoren, eguzki berriaren
laztan epelek halako poz primitibo arduragabe bat
ematen didate. Bizitzan errotzen zaizkigun beste
negu batzuk ere, klimatologikoak ez direnak, atzean
uzteko irrika ernatzen zait garai honetan.
Bidaiatzeko gogoa, batik bat.
Bidaiatzea ardurarik gabe flotatzeko
modu bat ere izan daitekeelako. Dagoeneko mapak
mahai gainean dauzkat. Mahai gainean, baita ere,
nire ameba maiteenetako batek, Robert Walser-ek,
Paseoa liburuan idatzitako lehen paragrafoa:
“Goiz eder batean, ez dakit oso ondo zein ordutan,
paseatzeko gogoa etorri zitzaidanez, kapelua jantzi,
idazkien edo izpirituen gela utzi eta eskailera
pauso arinez jaitsi nuen kalera irteteko. Nire
begien aurrean zabaltzen ari zen goizeko mundu hura
lehen aldiz ikusi banu bezain ederra iruditu
zitzaidan. Ikusten nituen gauza guztiek maitekor,
onbera eta gazte ziruditen. Azkar ahaztu nuen han
goian, nire gelan, orri zuri baten aurrean, goibel,
inkubatzen egon berri nintzela. Tristura, mina eta
pentsamendu astun guztiak desagertu egin ziren.
Paseoan zehar topa nitzakeen gauza guztiak zirrara
alai batez itxaroten nituen”. Ameba nagiak ateratzen
hasi da.
|
|