libros
reportajes
catálogo proyecciones
calendario
autor
 
 
 

 
Proyecciones : Pangea I (Euskaraz)  << Volver     
 
 
(Ipar Amerika, Australia, Hego Amerika.)

“Pangea, kontinenteetako sakonuneetara bidaia” 2000.eko irailetik 2001eko ekaina arte burutu genuen, kontinente bakoitzeko punturik baxuena ezagutzeko asmoz. Espedizio gehienen helburua gailurrak diren garai honetan, munduko depresio sakonenetara jo genuen, esplorazio eta ezagutza bidaia oraindik posible dela sinistuta. Sakontasun geografikoaz gain, urrutiko lurralde hauek ahalik eta modu sakonenean ezagutzeko ahalegina egin genuen. Horretarako, ikuspuntu anitzak erabili genituen -historia, geografia, biologia, geologia, ohiturak, bizimoduak, lanbideak...- eta bertakoen ahotik jaso genituen istorio interesgarrienak.

Ipar Amerika Ipar Amerikako punturik baxuena Heriotzaren Ibarreko gatzaga baten erdian dago (Kalifornia, -86 metro).

Heriotzaren Ibarra bi mendikate handien tarteko depresio sakon eta idorra da, 200 kilometroko luzera eta 30eko zabalera duena. Basamortuaren mila aurpegiak erakusten ditu –hondarrezko dunak, gatzagak, eremu bolkanikoak...- eta bertan 41º neurtu genituen itzaletan (53º eguzkitan eta 70º dunetako hondarretan). Munduko leku lehor eta beroenetakoa den honetan shoshone indiarrak bizi ziren, eta 1848ko urre sukarrarekin meatzariak, urre bilatzaileak eta kolonoak iritsi ziren.

Kontinente honetako bidaia San Frantziskon hasi eta bukatu genuen, alokatutako furgoneta batekin 6.000 kilometro bete ondoren. Mendebaldeko parke nazional ikusgarriak –Yosemite, Bryce Canyon, Kolorado ibaiaren Arroila Handia...- eta bestelako paisaia harrigarriak –Bonnevilleko gatzaga, Nevada-Arizonako basamortua, Whitney mendia...- ezagutu genituen. Euskal emigrazioaren arrasto ugariari ere heldu genion San Frantziskoko Euskal Etxean, Renoko “Basque Studies Centerren”, Boiseko ikastolan eta euskal museoan.

Australia  Australia erdialdeko basamortu ikaragarrian, Eyre laku lehorra (-15 metro)

Nafarroaren tamainako gatz lautada bat da. Lakuak Iberiar penintsula gehi Frantziaren tamainako lurralde baten ur guztiak jasotzen ditu, baina Australiako barnealdea hain lehorra denez, urteak eta urteak igarotzen ditu batere urik gabe. Gu joan ginenean, ordea, lakuaren %30ak bazuen urik, urte euritsuaren ondorioz. Bertako tenperaturak 42º itzaletan eta 55º eguzkitan izan ziren.

Urte euritsuari esker, bizitza ugari piztu zen Eyre lakuaren inguruan: Baranoak, kanguruak, emuak, untxiak, kakatuak, beleak, erreketako urek ekarritako arraiak, spinifex belar zorrotza...

Australiako aborigenak basamortura egokitu ziren duela milaka urte, baina Australiako barnealdea beti izan da oso lurralde hutsa. Eyre lakutik gertuen dagoen herriak, William Creekek (80 kilometrora), bi biztanle baino ez ditu, eta bertako pub famatua bidaiari guztien atseden leku nahitaezkoa da. Hurrengo herriak 200 km urrutirago daude.

Kontinente erdiari buelta eman genion, Sydneytik Sydneyra. Furgoneta bat erosi, 12.000 km bete eta berriz saldu genuen. Kostaldeko lurralde hezeetan ibili ginen aurrena, Kosciuszko mendiko elurretan oinak busti (2.228 metro, Australiako garaiena) eta Kangaroo Islanden Australiako animalia bitxienak ikusi genituen: kanguroak, koalak, uombatak, emuak... Basamortua hegotik iparrera zeharkatu genuen 3.000 kilometroz, bai karreteraz bai pistaz, eta Queenslandeko tropikoan koralen inguruan urpean sartu ginen. Euskal emigrazioaren haria ere segi genuen –Javier Iriondo, Mendioleatarrak, Jaiotarrak-, aborigenen arazoetara hurbildu ginen –Joy Schmerlekin hizketan- eta bertako bizimodu bitxi askoren berri eman ziguten: artzainak, basamortu erdiko meatzariak, sendagile hegalariak, irrati bidezko eskola...


Hego Amerika Mapa eta atlas ospetsuenek diotenez, Hego Amerikako punturik baxuena Valdes penintsulan dago (Salinas Grandes, -40 metro).

Depresio hura bisitatu genuen, baina susmo eta arrasto batzuk jarraituz, Patagoniako hegoaldean depresio askoz sakonago bat topatu genuen: Laguna del Carbon ezezaguna (-105 metro).            

Hego Amerikako –eta Amerika osoko- depresiorik sakonena Margarita Egiluz euskaldun-argentinarraren lurretan dago eta haren laguntzarekin hurbildu ginen Laguna del Carbonera. Patagonia osoan bezala, guanakoak eta ñanduak ikusi genituen.

Hirugarren bidai hau Argentinako iparraldean hasi genuen. Iguazuko ur-jauzietan, Nairobitarra autobusa hartu eta hego muturreraino eraman genuen, Ushuaiaraino. Oihan subtropikalean guaraniekin izan ginen eta misio jesuitikoen arrastoa segi genuen. Buenos Aires hiritzarrean egun batzuk igaro ostean, autobusaren leihotik Pampa hezeko artaldeak, behiak eta gautxoak ikusi genituen Patagoniara sartu aurretik. Valdes penintsulan baleak, pinguinoak, itsas elefanteak... eta ustez Hego Amerikako depresiorik sakonena zen Salinas Grandes bisitatu genituen. Patagoniako hegoaldera jarraitu genuen, Amerika osoko depresio sakonena Laguna del Carbon dela ziurtatzeko asmoz. Mapa gehienetan agertzen ez den sakonune hau utzi eta Tierra del Fuegora pasa ginen. Andeen magaletik iparralderantz itzuli ginen –Paineko Dorreak, Fitz Roy, Perito Moreno glaziarra...- eta Susana Elosegik Aconcaguaren gailurra 6.960 metro) zapaldu zuen.